LABURPENA
Krisi ekonomikoa jasaten ari garen garai honetan, enpresek errentagarriak izateko ahalegin bereziak egiten dituzte, eta horrek informazio-lanetan printzipio etikoak alde batera uzteko arriskua gehitzen du. Egoera hau dela-eta, UPV/EHUko ikerketa talde hau prentsa, irrati, telebista eta hedabide digitaletako langileei galdeketa egitera abiatu da, hauxe jakiteko, ea nolako garrantzia ematen dieten haiek kode deontologikoei, zenbateraino ezagutzen dituzten, eta zein balio ematen dieten.
Euskal kazetariek haien lanbidea burutzeko dokumentu etikoak egotea era positiboan ikusten badute ere, indarrean dauden testuak aztertzen dituztenean hauek ez direla oso erabilgarriak esaten dute, ez dutelako eguneroko praktikan sortzen diren zalantzak argitzeko balio; batez ere, ez omen dute laguntzen sentsibilitate sozial berriekin lotutako gaiek sortutako arazoak konpontzen. Agian, horren arrazoi bat hau da, Euskal Autonomi Erkidegoan autoarautze etikorako testuak ez daudela oso garatuta.
GAKO HITZAK
Kazetaritza - Kazetariak - Deontologia - Kode etikoak - Euskadi
RESUMEN
Los esfuerzos de las empresas de medios por lograr su rentabilidad en el actual contexto de crisis económica, aumentan el riesgo de dejar de lado los principios éticos en el ejercicio de la actividad informativa. Esta realidad es la razón que ha llevado a nuestro equipo de investigación de la UPV/EHU a realizar un sondeo en Euskadi entre los profesionales de la prensa, la radio, la televisión y los medios digitales para conocer la importancia que confieren a los códigos deontológicos, cuál es su grado de conocimiento y cómo valoran los mismo,
Aunque los periodistas vascos juzgan positivamente la existencia de documentos éticos para su praxis profesional, en el análisis que hacen de los que están vigentes en su ámbito de actuación los califican como poco útiles, por entender que no resuelven las dudas cotidianas y, en especial, las que generan temas de nueva sensibilidad social. Quizá, la razón se encuentre en el escaso desarrollo de textos dedicados a la autorregulación ética en el País Vasco.
PALABRAS CLAVE
Periodismo - Periodistas - Deontología - Códigos éticos - País Vasco
1. SARRERA
Espazio publikoa eremu zentrala da gizartean, arau etiko eta moralek era berezian zuzentzen dutena; arau horiek kohesio morala ematen diete talde, pertsona eta erakundeei, eta funtsezkoak dira espazio publikoaren funtzionamendurako. Espazio hau, ezagutzen dugun bezala, aro modernoan sortutakoa da, eta komunikabideen garapenarekin batera aldatu da; izan ere, komunikabideek eta haietan lanean diharduten profesionalek ekarpen aparta egiten dute iritzi publikoa deitzen dena osatzeko. Horregatik, komunikabideak aintzat hartzen ditugun balio moral eta etikoen erakusle bikainenak direla esaten da (Habermas, 1986)1. Hori dela-eta, hasiera-hasieratik espero zen prentsak eragin positiboa izango zuela "gobernua, jarduteko modu eta moralean" (Fortner, 1981)2. Orokorrean, medioek eragin esanguratsua daukatela bizitza publikoaren etikan onartzen da (Francke, 1995)3. Guzti hau era argian ikusi zuen Tocqueville pentsalari klasikoak: hauxe zioen XIX. mendearen erdirantz, prentsa askatasunak "legeak bakarrik ez, ohiturak ere aldarazten ditu"-ela4.
Medioek hainbesteko eragina lortzeko duten gaitasuna era askotara uler daiteke, eta modu bat hauxe da, "informatzeko boterea" daukatela (Goddard, 2000)5. Jakintzat ematen da beren jarduna oso antzinatik kazetaritzaren praktikarekin lotutako balio nagusi batzuetan oinarritzen dela, hala nola egiaren bilaketa eta biolentziarik eza; izan ere, gaur egun komunikabideen etikaz hitz egiten denean printzipio horiek unibertsalak bilakatzeko joera dute (Rao & Wasserman, 2007)6. Hedabideak agente funtsezkoak dira gizarte demokratikoan: hiritarrak eta hauen erakunde publiko, ekonomiko eta sozialen artean burutzen dute jarduna7. Agenda informatiboa ezartze hutsa baino urrunago joanda, balio eta portaera-eredu multzoa transmititzen dute, jokabide etikoa barne. Behin horrenbesterainoko eragina daukatela konturaturik, argi ikusten da kazetaritzako zereginean orientazio gidak egon behar dutela, are gehiago horretan dabiltzan profesionalek gero eta errealitate konplexuagoekin aritu behar dutela kontuan hatzen bada.
Hain zuzen, Erantzukizun Sozialaren Teoria deitutakoak horixe azpimarratzen du, komunikabideek gizartean eragiteko gaitasun handia dutela eta, beraz, modu arduratsuan bete behar dutela haien funtzio informatzailea. Kazetariak ez daude eztabaida hauetatik kanpora, eta informazioaren etikari buruzko gogoeta egiten dihardute. Horren emaitza dira mundu osoan zehar zabaltzen diren kode etikoak: "gure gizarteetan hedabide eta kazetariek gaur egun duten funtzioa -eta batez ere etorkizunean izan behar dutena- ulertzeko seinaleak dira (...) eta bakarrik kazetaritzako etikaren joerak islatu barik, kazetaritza berak dituen joerak ere islatzen dituzte" (Aznar, 2004)8.
Lanbide honen praktika funtsean etikoak diren kontzeptu batzuen inguruan aritzen den kontzientzia inoiz baino indartsuagoa da: honelako kontzeptuez ari gara, askatasuna, berdintasuna, demokrazia, egia, objektibotasuna, edo zintzotasuna. Kazetariaren rola albisteak ematea dela aipatzen bada, arazo etikoak gai honen inguruan pilatzen dira: nola informatu era egokian?9.
Kazetaritzaren dimentsio etikoaz dagoen interes akademikoaren aurrekarien bila joanez gero, jardun hau masen medio bilakatu zeneko unera iritsi behar da (Arlas Abad, 1919)10. Informatzailearen erantzukizunaz ari ziren hasierako gogoeta haietatik hona gai honen inguruko interesa asko gehitu da: adibidez, kazetaritza-lanbideari buruzko ikerketetan azaltzen da, eta baita ere kazetaritzako ikasleen hezkuntzaz arduratzen diren egileen lanetan ere. Hezkuntzan zentratu den ikerketa lerroan, hain zuzen fakultateetako irakaskuntza hobetzeko helburua dutenetan, zera azpimarratzen da, zein garrantzizkoa den etorkizuneko kazetariek etika profesionala ezagutzea. Hauxe da bai Elena Real eta bai José Videlak haien doktoretza tesietan dakarten ondorioa11, edo ANECA-k bere Liburu Zurian adierazitakoa, Boloniako Plana Espainiako unibertsitateetan ezarri aurreko fasean12.
Kazetaritzaren etikaz bibliografia handia osatu da, gai zerrenda zabala bilduaz: adibidez, dauden kodeen errepasoa egiten duten lanak, kodeen aplikazioa nola egiten den ezagutzeko eduki analisiak, komunikazioaren lanean etikak daukan balioari buruzko gogoeta sakonak, edo lanbideak nolako egoera bizi duen eta bere irudi publikoak aztertzen dituzten analisiak. Ikerketa hauetako askok hauxe galdetzen dute, lanean diharduten profesionalak ea zenbat jabetzen diren deontologiaz, hau da, informatzaileak beraiek zer garrantzi ematen dioten etikari galdetu dute ikertzaileek, horri erantzuteko inkestak eta elkarrizketak erabiliz. Aipatutako tesietatik aparte, beste lan batzuk ere konta daitezke, esaterako Canel, Rodríguez Andrés eta Sánchez Aranda-k 1996 eta 1999 bitartean egin zuten lanbidearen argazkia, beste gauzen artean honelako gaiez ari zena: nola baloratzen zituzten profesionalek etika, instituzioak, politika, eta beraien laneko gogo-betetasuna13. Euskal Herriko Unibertsitatean 2003an Martín Sabaris eta Amurrio Velez-ek irrati eta telebistako euskal kazetariei buruzko ikerketa burutu zuten14. Oraintsuagoko ikerketa batzuk hauek dira, Bragan (Portugal) 2010eko uztailean egin zen IAMCR-en nazioarteko kongresuan aurkeztutako ikerketak15, eta baita ere Carlos Macià eta Susana Herrerak Comunicación y Sociedad aldizkarian argitaratu dutena16.
2. METODOA
Lan honen helburua Euskadin kazetariek zer balio ematen dieten kode deontologikoei jakitea da. Beharrezkoak ote dira, erabilgarriak? Kazetaritza-lanean errespetatzen ote dira haietan proposatzen diren printzipioak? Abiapuntutzat galdera horiek dituen ikerlan hau, MEC-ek eta MICINN-ek diruz lagundutako elkarren segidako ikerketa proiektu biren emaitza da17.
Galdera horiei erantzuteko hauxe egin dugu, lehenengo eta behin Euskal Autonomi Erkidegoan lan informatiboa hobeto egiteko aplikatzen diren kode deontologiko nagusiek zer esaten duten ikusi. Bigarren unean, kazetarien iritzia bilatu da.
Lanaren metodoan teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabili dira: elkarrizketa zabalak eta inkestak. 20 sakoneko elkarrizketa egin dira eta 172 inkesta on line, aldagai hauek kontuan izanda: hedabide mota (prentsa idatzia, telebista, irratia, Internet), sexua, adina, lurraldea eta maila profesionala. Galderak honako hauek, kode etikoak noraino ezagutzen dituzten, kazetari-praktika kode etiko batek gidatzearen komenigarritasuna, eta kode horien benetako balioa. Galdetu zitzaien, gainera, ea nork urratzen dituen gehien arau deontologikoak komunikazio enpresetan; baita ere eskatu zitzaien beraiek noraino betetzen zituzten kodeak baloratzea.
3. KODEEK ETIKAZ DIOTENA
Euskadin kazetarien artean erabiltzen diren dokumentu deontologikoek diotenari erreparatuta, hauxe ateratzen dugu, haietako gutxik esaten du ezer kazetaritzan etikak duen garrantziari buruz.
Kode etiko eta deontologiko hurbilenak aztertu orduko erreferentzia zabalen edo aurrekarien bila joango bagina, aipatu beharko genuke UNESCO erakundeak proposaturiko testua, Kazetaritzaren Etika Profesionalaren Nazioarteko Printzipioak izenekoa, geroago editore edo erakunde profesionalen iniziatibaren ondorio diren kodeen inspiratzaile izan dena18. Testu horrek dokumentu etiko eta deontologikoak suztatu nahi ditu, oinarrizko markoa eskainiz, hortik aurrera kolektibo bakoitzak idatziko duen kodeari elkartearen ezaugarriak gaineratuko dizkiolarik.
Europako aurrekariez aritzeko, Kazetaritzaren Deontologiarako Kode Europarra daukagu, eta estatu bakoitzeko legeek ezar ditzaketen eskubide eta betebeharrak baino harantzago, hauxe adierazten du, komunikabideek erantzukizun etikoa dutela hiritarrei eta gizarte osoari begira, eta horregatik, "printzipio deontologiko zorrotzak hartu behar dituztela beren gain, adierazteko askatasuna eta hiritarrek albiste egiatiak eta iritzi zuzenak jasotzeko duten funtsezko eskubidea bermatzeko"19.
Euskadiko hedabideen orientazioei begiratzen badiegu, medio eta komunikazio enpresen barruko arauetara jo behar da, honi buruzko zerbait bilatu nahiez gero. Horrela bada, adibidez, Vocento taldeko Estilo-liburuak hauxe ezartzen du, printzipio orokor batzuek mugatzen dutela kazetariek jarduten duten arloa, batzuek izaera deontologikoa dutenak eta besteak estilistikoak direnak20. Estilo-liburu hau erabat soila da Vocento Taldeko eguneroko funtzionamenduan aritzeko praxi etikoa zehazterakoan, bakarrik "oinarrizko ideiak" apuntatzen baititu, jakintzat emanez ondokoa: "Estilo-liburu hau gidaritzat hartuta hedabide bakoitza egunez egun egiten diharduten guztiek ezaguera sobera dute nolako lerro nagusietan oinarritzen den Vocento, kazetaritzaren etikaren ikuspuntuari dagokionez"21.
El Mundo-ren Estilo-liburuan, bestalde, kode deontologikoen aldeko aldarrikapen nabaria egiten da. Bertan argiro aipatzen dira jarraitu daitezkeen eredu bi: hain zuzen, FAPE eta Kataluniako Kazetarien Kolegioaren kodeak, editore eta kazetarien artean izandako adostasun eta kontsentsuaren bidez eginak, eta ez -beraiek diotenez- adierazte eta informazio askatasunaren aurka joan daitezkeen lege agian derrigortzaileak bezala sortuak. Autokontrol profesional hau -diote- "ez da bakarrik kode orokor edo gremiokoen bidez egiten, hedabide bakoitzaren barruan ere egiten da"22.
RTVE erakundean kazetaritza-lanbideko deontologiaz ari diren barne-dokumentu bi daude: Informazioaren Estatutua eta Estilo-liburua. Haietako lehenean ohiz kanpoko garrantzia ematen zaie kontsiderazio etikoei, et Kontzientziazko Klausula erregulatzeko Legean ezarritakoa jasoaz ondokoa dio kazetariek egin dezaketenaz: "komunikazioaren printzipio etiko eta deontologikoen aurka doazen informazioak egiten eta zabaltzen ibiltzeari uko egin ahal diote, motiboa argi utzita, batez ere -zehazten du- lan hori Estatutu honetan azaltzen diren printzipioen aurka badoa"23. Bere Estilo-liburuan, azkenez, hauxe jartzen du: "RTVEko profesionalek jarrera arduratsu eta aktiboa hartu behar dute elkarbizitza sendotzeko eta balio etikoak zabaltzeko"24.
4. PROFESIONALEN IRITZIA ORAINGO KODEEI BURUZ
Euskadiko prentsa, irrati eta telebistako informatzaileek, eta baita ere Interneten bere jardun profesionala betetzen dutenek, zalantzarik gabe adierazten dute hau: "kazetaritzako jardunean hondamen argia gertatu da eta gertatzen ari da. Hondamen horrek gizartearen aurrean prestigioa galtzera garamatza". Agian horregatik, eztabaida taldeetan parte hartu dutenak bat datoz honokoa adierazteko, "sektorean autokritika egin beharra dago", enpresariak alde batera utzi gabe, "haiei ere tokatzen zaielako kazetaritzak bizi duen uneaz gogoeta egitea". Hori diotenentzat helburua hauxe da, zehaztu egin behar dela "zein printzipio etiko eta deontologikotan oinarritu nahi dugun geroari begira kazetaritzaren norabidea".
Une eta zirkunstantzia puntual batzuen aurrean argi izateko ideiarik behinena izan daitekeen hori publikoa egiten da kazetaritza-praxia erregulatzeko eskaria handia den unean, baina hauxe hobesten da, testua profesionalen artean adostea eta idaztea, eta ez lanbidetik kanpora dauden autoritate edo pertsonek ezarria izatea. Kazetarien %78,5ek uste du beharrezkoa dela kazetaritza-etikaren praktika ona erregulatzeko kode deontologikoa izatea. Batez ere beteranoenek daukate ikuspuntu hau, eta ondokoa aitortzen dute, gorago esandakoarekin lotuaz: "Hondatze nabaria dago, gizartean kazetari-lanbidearen izen ona galdu egin da; kazetariaren irudi publikoak kaltea jasan du eta horrek autokritika serioa egin beharra dakar; enpresa-taldeek ere gauza bera egin behar dute; guztion artean zehaztu behar dugu zein printzipio etiko eta deontologikotan oinarritu nahi dugun kazetaritza geroari begira".
Beste aldean, bakarrik %9,3k uste du ez dagoela horrelako beharrizanik. Azken kategorian zer esan ez dakitenak eta erantzuten ez dutenak daude: %12,2 osatzen dute. Isilik geratzeak, edo erantzunik ezak, hainbatetan kontraesanezko sentimenduak ezkutatzen dituen arren, ezezkoa, edo kasu honetan gertatzen den moduan, autoerregulatzeko arauen beharrik ez ikustea, holako argumentuen eskutik datorkigu: "adierazpen askatasuna eta kazetariaren askatasun indibiduala zapuztea ekarriko luke"-ela (1 grafikoa).
Kode deontologikoak izatearen aldeko iritzia nagusi da (%78,5), eta, aldiz, horien aurka daudenak %9,3 dira. Dena den, momentuz kode horien balioa urria dela uste da, erantzun honek inkestetan pate hartu dutenen % 54,7 biltzen baitu, beste % 23,8ak nola-halako balioa eskaintzen dielarik. (2 grafikoa).
Aho betez eta portzentaje handian horrelako dokumentuek efikazia gutxi edo batere ez dutela dioen multzoaren barruan enpresariak azaltzen dira (%80), politikazko arloetan lan egiten dutenak (%83,3), eta, azkenez, konstituzionalistak direla aitortzen dutenak (%81).
Modu positiboan erantzuten duen sektore bakarra, oraingo kode deontologikoak nahiko edo oso baliozkoak direla esaten baitu, 50 urtetik gorakoena da, hauen artean horrelako erantzuna ematen dutenak %27,8 baitira. Gainerako aldagaiek -hala nola sexua, enpresa mota eta lanpostu maila- eta hauen arteko gurutzaketek, ez dute estatistikoki esanguratsua den emaitzarik eskaintzen.
5. LANBIDEA ERREGULATU
Gainetiko inoren esku sartzerik gabe norberak egindako testu erregulatzailearen aldeko iritzi nagusiak, dena den, mugak ere baditu: ez dadin zehatz-mehatz arautu, modu ireki eta orokorrean baizik. Uste hau azaltzen du laginaren %52,9k; bitartean, %30,2 eduki zehatzago baten aldekoak dira, eguneroko zereginean gida edo orientazio argia eskain dezakeen testuaren aldekoak hain zuzen, batez ere egoera berri edo gutxi ezagutzen direnetan nola jardun jakiteko. (3 grafikoa).
Zehaztapena nahi dutenek honelako perfil profesionala daukate: 41-50 urte bitartekoak dira, aginte karguren batean daude (%69,4), komunikazio kabinetean ari dira edo enpresa pribatuan dihardute. Beren planteamendua defendatzeko arrazoi hau ematen dute, oinarrizko printzipioak errespetatuz lan eginez gero, egunero sortzen diren hainbat arazori irtenbide etikoa bilatuko litzaieke, esaterako, honelako kontuak azaltzen direnean: informazioa eta iritzia nahastea; albisteekin batera doazen argazkietan aldaketak egitea; baliabide ezkutuak erabiltzea (kamerak, mikrofonoak...) edo giza eskubideen aurka doazen iritziak ematea.
Hiru lurraldeak konparatuz, printzipio orokorreko kodeen aldekoak Araban dira gutxien, nahiz eta han ere gehiengoa izan: % 44. Gipuzkoan %53,8 dira horien aldekoak, eta Bizkaian %56,8.
Beste aldean, arau zehatzak biltzen dituen kode baten aldekoen artean, bakarrik multzo txiki batek biltzen du hori adierazten duen gehiengo absolutua: titulazio gabeko profesionalen multzoa da (%66,7); kazetaritzako lizentziatura dutenen artean jarrera hori %30,8raino jaisten da, eta kazetaritzaz gain beste titulazio baten jabe ere direnen artean % 25eraino.
Kode zehatzagoak eskatzen dituztenen multzoa 30 urte baino gutxiagoko kazetariek osatua da; hedabide digital batean, komunikazio enpresa publikoan edo erredakzio-laguntzaile mailako kategorian ari dira. Hauen arrazoia horrelako kodeen alde egoteko hauxe da, jakin behar dutela nola jokatu honelako gaiak azaltzen zaizkienean: eutanasia, anorexia, genero-indarkeria, abortua, suizidioa, bortxaketa edo hilketa.
Kode Deontologikoa deituriko tresna hori sortzea nori dagokion galdetzen zaienean informatzaileei, gehiengoak -%53,1ek- esaten du horren ardura kolektiboak berak hartu beharko lukeela. Hori diotenek uste dute taldeko partaideek ezagutzen dutela ondoen lanbidea, eta beraz badakitela "zein diren etika gehiago urratzen duten arloak eta albisteak" (4 grafikoa).
Hala ere, %25,9k uste du lan hori kazetarien elkarte eta kolegioei agindu ahal zaiela. Hortik urrun geratzen da arauak idaztearen lana beste batzuen esku utzi behar dela uste dutenen kopurua (%4,2), esaterako adituen batzordeei, elkarteen federazioei, (%2,1), Gobernuari (%2,1) ("bera da legea ezarri eta betearazi egin dezakeena") edo, kazetaritzako fakultateei ere (%0,7).
Adin taldeak kontuan hartuz gero, kazetariak beraiek direla testua landu behar dutenak uste dutenak 41-50 urte bitartean gailentzen dira (%62,5). Handik gorakoak, aldiz, hori gutxien uste dutenak dira (%46,7). 50 urtetik gorakoen talde hau da, hain zuzen, lan hori elkarte eta kolegio profesionalek egin behar dutela gehien pentsatzen duena (%33,3)
Emakumezko kazetariek nagusiki uste dute zeregin hori kolektiboak berak bete beharko lukeela (%61,1), gizonezko lankideek baino gehiago (%45,1)
Lurraldeka hauxe da azpimarratzekoa, arabarrak bizkaitarrak baino ia 10 puntu gehiago direla aukera horren aldeko (%60 eta %50,5).
6. NORK ZAINDU BEHAR DU ARAU DEONTOLOGIKOEN BETETZEA?
Muturreko jarrerak agertzen dira ondoko galderari erantzuterakoan: Zure ustez, nork izan beharko luke kode deontologikoen betetzea erregulatzeko, zaintzeko eta bitartekotza egiteko ardura? (1 taula). Aldeko gehien jasotzen duten erantzunak hauek dira: kolegio edo elkarteek (%38,6) eta arbitro-lanerako epaitegia (%35,1). Lehen aukeran funtzio hori barruko erakunde baten eskuan uzten da, eta bigarren aukeran, aldiz, kanpoko erakunde batean, bietako bat bera ere gailendu gabe. Zalantza edo bereizketa horrek esan nahiko luke, agian, lanbideari mesederik egin ez dioten hutsune eta beldurrekin amaitu nahi dela. Bilaketa horretan protagonistek Gobernuak parte har dezan ere eskatzen dute, ezarpenerako gaitasuna duelako, "Ararteko"-aren moduko zerbait sor dezan, betiere bitartekotza-lana egiteko, "bere lana egin dezan postua botere kuoten banaketarako beste zelai bat bihurtu gabe", edo errepresentazio zabala daukan erakunde publiko bat, alde batera utzi gabe hedabideetan esperientzia daukan elkarte edo pertsonaren bat. Irtenbidea edozein izanda ere, horren ardura har dezakeen entitateak behar beste eskumen izan beharko luke, zigorrak ezartzeko gaitasuna barne.
Bitartekaritza funtzio hori egiteko proposa daitezkeen hautagaien artean unibertsitateko irakasleak egon daitezke, edo kontsultarako batzorde erregulatzaile bat, baina ez gremio barruko elkarterik. Azken hauei ezetza ematearen arrazoia bat baino gehiagoren sentipen honetan datza, "ez daukate indarrik"; edo ez dira egokienak "medioetako kapa altuetan dauden pertsonez osatzen direlako, hain zuzen oraingo arazoen errudunak diren horiez", edo "bakarrik beraien interesei erantzuten dietelako".
Ikuspegi ez-korporatibista hau ez dute partekatzen 30 urtetik beherakoek, hauek kolegio edo elkarteak aukera aproposa direla uste baitute (%51,9). Handik gorakoek beste modu batera ikusten dituzte gauzak, eta bai 31-40 bitartean daudenek, eta bai 50etik gorakoek uste dute onena arbitro-lana egin dezakeen epaitegi bat dela (%50 lehen kasuan, eta %66,7 bigarrenean); aldiz, 41-50 urtekoentzat irtenbidea batzorde deontologikoa edo legeak eta auzitegiak dira, hauetako bakoitzak %40 eta %30 bilduaz.
Iritziak bereizteko generoa erabiltzen badugu aldagai moduan, gizonezkoak eta emakumezkoak ezberdin agertzen dira kolegio edo elkarteen onarpenari dagokionez, gizonezkoak izanik horrelako erakundeen alde gehiago azaltzen direnak (%45,2)
Kazetaritzan lizentziatuak direnak, bestalde, konfiantza gehiago eskaintzen diote arbitro-lana egin dezakeen epaitegi bati (%45,9), baina bigarren titulu unibertsitarioa dutenak kolegio eta elkarteez fidatzen dira gehiago (%55,6). Lanbidea irratian edo egunkarian burutzeak ere badu bere garrantzia: irratikoek arbitro-lanaren alde egiten dute gehiago (%63,6) eta prentsakoek, aldiz kolegio edo elkarteen alde (%53,8)
Beste aldagai batzuek ere badute eragina aukera bi horien artean erabakitzerakoan, kolegio edo elkarteen aldekoago baitira kategoria hauetan sartuta dauden profesionalak: 50 langile baino gehiago duten enpresetakoak (%44), nazio/nazioarteko ataletan lan egiten dutenak (%60) eta beren burua ezkertiartzat dutenak (%54,%). Aldiz, arbitro-lana egiteko epaitegiaren aldeko azaltzen dira politika autonomikoaren erredaktoreak (%50) eta kiroletakoak (%57,1).
1 taula: Nork dauka kode deontologikoen betetzea erregulatzeko, zaintzeko eta bitartekotza egiteko ardura?
Ikerketa honetan landutako galdera guztietan lanbideari buruz orokorrean edo eginkizun kolektiboaz hitz egiterakoan zalantzak ugariak diren arren, norbere jokabide indibidualaz galdetzean gauzak aldatu egiten dira, espero izatekoa baita pertsonak bere burua babestea. Horrela bada, profesionalei galdetzen zaienean era beraiek zenbateraino betetzen duten eguneroko praxian lanbidearen deontologia (5 grafikoa), gehiengoaren erantzuna "beti edo ia beti" da (%64), batez ere 50 urtetik gorakoak nabarmentzen direlarik hori adieraztean (%83,3), ondoren adinean beherago daudenek, 41-50 urte bitartekoek jarraitzen dietelarik (%71,8%).
Lurraldeei begiratuz, Gipuzkoa gailen azaltzen da, Araba eta Bizkaiaren gainetik (%80,8, %68,0 y %60,4% hurrenez hurren lurralde bakoitzean). Honelako kategorietan biltzen dira ziurtasun osoz esaten dutenak eguneroko lanean printzipio deontologikoak "beti edo ia beti" betetzen dituztela diotenak: autonomoak (%78,6), albiste agentzietan lan egiten dutenak (%83,3), testuen erredakzioan jarduten dutenak (%70,8), edo produkzio/errealizazioan ari direnak (%84,6).
Bada beste aldagai bat ere eragina duena, hain zuzen profesionalak betetzen duen postua edo zeregina, gailendu egiten baitira "beti edo ia beti" erantzuten dutenak kategoria hauetan: kiroletan espezializatutako medioetan lan egiten dutenak (%71,3); difusio lokal edo eskualdekoa duten hedabideetakoak (%86,4); eta buruzagitza postuak eta antzekoak betetzen dituztenak (%81,6). Bitxia da ikustea kazetaritzaren testu erregulatzailearen abiaburuak bakarrik "batzuetan" errespetatzen dituztela diotenak titulazio gabeak direla (hauetatik %66,7).
7. KODEEN EZAGUTZA EDO EZAGUTZA EZA
Emandako erantzunetan informatzaileek badakitela kode etikoak daudela dioten arren, ondoren esaten dute haien edukia ez dutela ezagutzen, eta horrela bada beren etika propioa erabili beharra daukate, hau da, beren "zentzuna".
Kazetarien %61ek adierazten du kode deontologikoren bat ezagutzen duela, %13,4k dio ez duela ezagutzen horrelakorik dagoen ala ez, eta %25,6k ez daki edo ez du erantzuten. (6 grafikoa).
Adin taldeka, 50 urtetik gorakoek azaltzen dute ezagutza gehiago, (%83,3k, erantzun duten guztiak, hain zuzen), ondoren 41-50 urte bitartekoek (%71,8), eta gero 30 urtetik beherakoak datoz (%55,7). Apur bat bitxia da 31-40 urte bitartean erdiak izatea bakarrik kodeen existentziaz jakitun.
Generoari begira, gizonezkoek gehiago ezagutzen omen dituzte kodeak emakumezkoek baino (%67,9 eta %54,5). Ikasketa-maila aintzat hartuta kazetaritzako ikasketak eginak izateak kodeak gehiago ezagutzen direla esan nahi du (60,0%). Titulazio honetatik aparte bigarren bat ere badute, portzentajea %68,2ra igotzen da. Daukaten lizentziatura ez bada kazetaritzaren eremukoa kopurua %40ra jaisten da, eta are gehiago unibertsitate-gradurik ez badute, orduan bakarrik heren batek ezagutzen baititu kodeak (%33,3).
Profesionalen lan egoerak ere intereseko datu batzuk ekartzen ditu. Era autonomoan jarduten dutenek (free lance bezala) ezagutzen dituzte gehien (%78,6), ondoren bekadunak eta antzekoak datozelarik (%66,7). Atzetik datoz enpresariak (%60), eta soldatadunak eta langabeak (kopurua berbera baita kategoria bietan, %57,1). Azpimarratzekoa da baita ere beste aldagai batek, profesional bakoitzak zer hedabide motan lan egiten duen, eragina daukala horrelako dokumentuen ezagutzan. Nabarmendu egiten dira albiste agentzietakoak (%83,3). Hortik urrun eguneroko prentsako kazetariak daude (%69), eta komunikazio kabineteetakoak (%61,9). Gaiaz gutxien dakitenak aldizkarietan lan egiten dutenak dira (%50).
Euskal Autonomi Erkidegoko kazetariek gehien ezagutzen duten kodea (7 grafikoa) FAPErena da (%41,9), oso urrun jarraitzen diotelarik El País-en Estilo-liburuak (%18,1) eta Kazetaritzaren Deontologiaren Kode Europarrak (%12,4). Era berean, badira Kataluniako Kazetarien Kolegioaren Kodea ezagutzen dutela diotenak ere (%8,6), edo zehaztu gabeko erredakzio estatuturen bat (%7,6) eta, hau bai benetan bitxia, existitu ere egiten ez den Euskal Kazetarien Kode Deontologikoa (%7,6)
Adin talde guztietan aipatuena FAPErena da, ondoren El País-en Estilo-liburua eta Kode Europarra. Hala ere, aipatutako lehena gehien ezagutzen duten adin taldean ere, -50 urtetik gorakoen taldean- bakarrik %46,7ak ezagutzen du.
Beste aldagai batzuk kontuan izanda, oso kategoria gutxitan lortzen da gehiengoa kodeen ezagutzan. Generoa da horietako bat, non emakumezkoen erdiak baino gehiagok (%52,1) esaten baitu FAPErena ezagutzen duela, bakarrik gizonezkoen heren batek horren berri duen bitartean (%33,3). Era berean, deigarria egiten da profesionalek lan egiten duten lurraldearen arabera nolako ezberdintasunak sortzen diren: arabarren %62,5 ezagutzen duela dio, bizkaitarrak %40,6 diren artean, eta gipuzkoarrak bakarrik %28,6.
Beste datu aipagarri bat hauxe da, kazetaritzan lizentziatuta daudenetatik bakarrik %38,9k daki FAPE-ren kodea existitzen dela. Euskal Herriko Unibertsitatean kazetaritza-etika eta bere dokumentuen irakaskuntza 1998tik hona derrigorrezkoa izan denez, horren ezagutzarik eza arrazoi biren ondorioa izan daiteke: edo inkestatuek urte hori baino lehenago amaitu zituzten beren ikasketak edo, bestela, ikasgai hori ez zeukan beste unibertsitate batean ikasi dute.
Beste datu interesgarri bat hauxe da, enpresariek eta bekadunek askoz ere gehiago ezagutzen dutela Kodea (%66,7 eta %50, hurrenez hurren) soldatadunek baino (%44,4).
Zein hedabide motan egiten duten lan kontuan hartzen bada, komunikazio kabineteetan eta irratian ari direnek gainontzekoek baino gehiago dakite kodeen existentziari buruz.
Ondorioak:
Kazetari gehienek kode deontologikoak beharrezko ikusten badituzte ere, orain daudenek ez dituztela asetzen adierazten dute, eragin gutxi edo batere eraginik gabekoak omen direlako.
Erantzunetan kontraesana ere azaltzen da: kodeetako arauak betetzen dituztela esaten dutenen proportzioa kodeen existentziaren berri dutela esaten dutenena baino handiagoa da.
FAPE-ren kodea da Euskal Autonomi Erkidegoko kazetariek eta profesionalek gehien ezagutzen duten kode deontologikoa; horren atzetik urrun datoz El País-en Estilo-liburua eta Kode Europarra. Disfuntzio bat ere azaltzen da atal honetan, kopuru adierazgarri batek existitzen ez den Euskal Kazetarien Kode Deontologikoa ezagutzen duela esaten baitu.
Lan honetan aztertutako datu eta iritzien analisitik beste ondorio hau ere atera dezakegu, kazetaritzaren deontologia-kodea idazteko sektore horretako profesionalak izan daitezkeela egokienak profesionalen iritziz. Baina kode horren erregulazioa, zainketa eta betetzeaz arduratzeko gremioko kolegioak eta elkarteak, edo arbitro-lana egiteko epaitegiak izan daitezke aproposagoak.
Edozein dokumentu autoerregulatzaile sortzeko kazetaritzako estamentu guztiek egindako gogoeta sakona egon behar da, nolako profesionala bilatzen den eta zer motako kazetaritza egin nahi den zehazteko.
1 Habermas, Jürgen (1986): L'espace public. Archéologie de la publicité comme dimension constitutive de la société bourgeoise. Paris: Payot.
2 Fortner, R. S. (1981): 'The Journalist's Albatross: Objectivity, Critical Reporting and Social Responsibility". In: Journal of Communication Inquiry; vol. 6; 69, p. 70. Artikulu honen online bertsioa hemen aurkitu daiteke: http://jci.sagepub.com.
3 Francke, W. (1995): 'The Evolving Watchdog: The Media's Role in Government Ethics". In: The Annals of the American Academy of Political and Social Science; 537; 109, p. 110. Online bertsioa hemen aurkitu daiteke: http://ann.sagepub.com/cgi/content/abstract/537/1/109.
4 Tocqueville, A. (1985): La democracia en América, I Tomoa. Madril: Alianza, p. 168-169.
5 Goddard, A. (2000): 'Jacques Ellul and the Power of the Media". In: Studies in Christian Ethics; 13; 66, p. 68. Artikulu honen online bertsioa hemen aurkitu daiteke: http://sce.sagepub.com
6 Rao, S., Wasserman, H. (2007): 'Global media ethics revisited: A postcolonial critique". In: Global Media and Communication; 3; 29; p. 30. Artikulu honen online bertsioa hemen aurkitu daiteke: http://gmc.sagepub.com/cgi/ content/abstract/3/1/29.
7 Day, Louis A. (1997): Ethics in Media Communications: Cases and Controversies, Wadsworth Publishing Company, p. 22-23.
8 Aznar, H. (2004): 'Nuevos códigos de ética y nuevas formas de entender el periodismo". In: Revista Latina de Comunicación Social, n. 58, July-December. La Laguna (Tenerife). Artikulu honen online bertsioa hemen aurkitu daiteke: www.ull.es/publicaciones/latina/20042158aznar.htm.
9 Belsey, A. & Chadwick R. (eds.)(1995): Ethical Issues in Journalism and the Media. Routledge, Preface, p. xi.
10 Arlas Abad, F. (1919): La prensa y la moral pública. Jaén.
11 Real Rodríguez, Elena (2006): Formación y ejercicio profesional del periodista en la España del siglo XXI dentro del marco de la Unión Europea [ondasun elektronikoa]. Zuzendaria: Francisco Vázquez Fernández. Madril: Universidad Complutense, Argitalpen Zerbitzua. Videla Rodríguez, José Juan (2004): La formación de los periodistas en España: perspectiva histórica y propuestas de futuro [ondasun elektronikoa]. Zuzendaria: José Ignacio Bel Mallén. Madril: Universidad Complutense, Argitalpen Zerbitzua.
12 ANECA (2005): Libro Blanco de la Agencia Nacional de la Calidad y la Acreditación sobre Títulos de Grado en Comunicación. Proiektuaren koordinatzailea: Marcial Murciano Martínez.
13 Canel M. J., Rodríguez Andrés, R. & Sánchez Aranda, J.J. (2000): 'Periodistas al descubierto. Retrato de los profesionales de la información". In: Madrid: CIS, colección Opiniones y actitudes, n. 33, p. 94-96.
14 Martín Sabarís, R. & Amurrio Vélez, M. (2003): 'Periodistas, noticias y audiencia en radio y televisión: percepciones de los periodistas vascos". In: ZER, n. 35, p. 221-231. Euskal Herriko Unibertsitatea.
15 Ruth Rodriguez, Mareel Mauri & Christopher Tulloek (Universitad Pompeu Fabra) ziren honen aurkezleak: Freedom and political Dependence from the Ethical Perspective of Spanish Journalists; Carlos Macíá Barber & Susana Herrera Damas (Universidad Carlos III) ziren beste honenak: The Social Perception of Journalistic Ethical Attitudes in Madrid; Juan Carlos Suárez Villegas (Universidad de Sevilla): The Ethics of the Media on the Treatment of Immigration and Citizenship; azkenez, komunikazio honen egileek (Begoña Zalbidea Bengoa, Juan Carlos Pérez Fuentes, Susana López Pérez eta Santiago Urrutia, UPV/EHU) hau aurkeztu zuten: How Journalists and Citizenship consider Minorities and vulnerable groups should be treated by media in Spain.
16 Macià Barber, C. eta Herrera Damas, S. (2010): 'Deontología periodística: praxis, disfunciones y retos desde la perspectiva de los profesionales de la Comunidad de Madrid (2006-2009)". In: Comunicación y sociedad, Vol XXIII, n. 1, p. 77-104.
17 Proiektu hauetako lehenak izen hau zeraman: Ética y excelencia informativa. La deontología periodística frente a las expectativas de la ciudadanía (kodea SEJ2006-05631-C05), eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateak koordinatu zuen. Bertan parte hartu zuten, gainera, Madrileko Carlos III Unibertsitateak, Sevillako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Bigarrenak izen hau darama: Ética y excelencia informativa. El cumplimiento de los principios deontológicos en la praxis de los medios en Euskadi. Introspección profesional y proyección social (kodea CSO2009-13802), eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek egingo du 2012 bitartean.
18 Principios internacionales de ética profesional del periodismo, UNESCO-k 1983ko azaroaren 20an kazetarien laugarren bilera kontsultiboan onartuak. Hau eta gainerako kodeak hemen kontsulta daitezke: Pérez Fuentes, Juan Carlos (biltz.) (2004): Ética periodística. Principios, códigos deontológicos y normas complementarias. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).
19 1003 Erabakiaren 36. artikulua, kazetaritzaren etikaz, Europako Batzordea (Kazetaritzako Deontologiaren Kode Europarra).
20 Vocento-ren Estilo-liburua: Sarrera.
21 Vocento-ren Estilo-liburua: Printzipio Orokorrak.
22 El Mundo-ren Estilo-liburua: 8. kapitulua: Kazetaritzaren praxia eta etikaren arauak.
23 RTVE-ren Informazioaren Estatutua : 15. art.
24 RTVE korporazioaren Estilo-liburua: 5.1 4: Inmigrazioa, arrazismoa, eta xenofobia.
8. BIBLIOGRAFIA AIPAMENAK
* ARLAS ABAD, F. (1919): La prensa y la moral pública. Jaén.
* AZNAR, H. (2004): 'Nuevos códigos de ética y nuevas formas de entender el periodismo". In: Revista Latina de Comunicación Social, n. 58 [ondasun elektronikoa]. La Laguna (Tenerife).
* BELSEY, A. & CHADWICK R. (eds.) (1995): Ethical Issues in Journalism and the Media. Routledge.
* CANEL M. J., RODRÍGUEZ ANDRÉS, R. & SÁNCHEZ ARANDA, J. J. (2000): 'Periodistas al descubierto. Retrato de los profesionales de la información". In: CIS, Opiniones y actitudes, n. 33.
* Europako Batzordea (1993): 1003 Erabakia kazetaritzako etikaz (Kazetaritzako Deontologiaren Kode Europarra).
* DAY, L. A. (1997): Ethics in Media Communications: Cases and Controversies. Wadsworth Publishing Company.
* El Mundo (1996): Libro de Estilo. Madril: Unión Editorial/Temas de Hoy.
* FORTNER, R. S. (1981): 'The Journalist's Albatross: Objectivity, Critical Reporting and Social Responsibility". In: Journal of Communication Inquiry, vol. 6, n. 2.
* FRANCKE, W. (1995): 'The Evolving Watchdog: The Media's Role in Government Ethics". In: The Annals of the American Academy of Political and Social Science, vol 537, n. 1.
* GODDARD, A. (2000): 'Jacques Ellul and the Power of the Media". In: Studies in Christian Ethics, vol. 13, n. 1.
* HABERMAS, J. (1986): L'espace public. Archéologie de la publicité comme dimension constitutive de la société bourgeoise. Paris: Payot.
* MACIÀ BARBER, C. & HERRERA DAMAS, S. (2010): 'La deontología periodística: praxis, disfunciones y retos desde la perspectiva de los profesionales de la Comunidad de Madrid (2006-2009)". In: Comunicación y sociedad, Vol XXIII, n. 1. Iruñea.
* MARTÍNEZ DE SOUSA, J. (2003): Libro de Estilo de Vocento. Gijón: Trea.
* MURCIANO, M. (Coord.) (2005): Libro Blanco de los Títulos de Grado en Comunicación. Madril: Agencia Nacional de Evaluación y Calidad Universitaria, Aneca.
* PÉREZ FUENTES, J. C. (comp.) (2004): Ética periodística. Principios, códigos deontológicos y normas complementarias. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua (UPV/EHU).
* RAO, S. & WASSERMAN, H. (2007): 'Global media ethics revisited: A postcolonial critique". In: Global Media and Communication, vol. 3, n. 1.
* REAL RODRÍGUEZ, E. (2006): Formación y ejercicio profesional del periodista en la España del siglo XXI dentro del marco de la Unión Europea [ondasun eletronikoa]. Madril: Universidad Complutense, Argitalpen Zerbitzua.
* RTVE (2008): Estatuto de Información de la Corporación RTVE. Madril.
* RTVE (2010): Libro de Estilo de la Corporación RTVE. Madril.
* TOCQUEVILLE, A. (1985): La democracia en América; Tomo I. Madril: Alianza.
* UNESCO (1983): Principios Internacionales de Ética Profesional del Periodismo. Paris.
* VIDELA RODRÍGUEZ, J. J. (2004): La formación de los periodistas en España: perspectiva histórica y propuestas de futuro [ondasun elektronikoa]. Madril: Universidad Complutense, Argitalpen Zerbitzua.
AUTORES
Begoña Zalbidea Bengoa: Profesora de la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, País Vasco (España)
Juan Carlos Pérez Fuentes: Profesor de la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, País Vasco (España)
Susana López Pérez: Profesora de la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, País Vasco (España)
Santiago Urrutia Izagirre: Profesor de la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, País Vasco (España)
You have requested "on-the-fly" machine translation of selected content from our databases. This functionality is provided solely for your convenience and is in no way intended to replace human translation. Show full disclaimer
Neither ProQuest nor its licensors make any representations or warranties with respect to the translations. The translations are automatically generated "AS IS" and "AS AVAILABLE" and are not retained in our systems. PROQUEST AND ITS LICENSORS SPECIFICALLY DISCLAIM ANY AND ALL EXPRESS OR IMPLIED WARRANTIES, INCLUDING WITHOUT LIMITATION, ANY WARRANTIES FOR AVAILABILITY, ACCURACY, TIMELINESS, COMPLETENESS, NON-INFRINGMENT, MERCHANTABILITY OR FITNESS FOR A PARTICULAR PURPOSE. Your use of the translations is subject to all use restrictions contained in your Electronic Products License Agreement and by using the translation functionality you agree to forgo any and all claims against ProQuest or its licensors for your use of the translation functionality and any output derived there from. Hide full disclaimer
Copyright Revista Vivat Academia Dec 2010
Abstract
Paris: Payot. 2 Fortner, R. S. (1981): 'The Journalist's Albatross: Objectivity, Critical Reporting and Social Responsibility". Artikulu honen online bertsioa hemen aurkitu daiteke: http://gmc.sagepub.com/cgi/ content/abstract/3/1/29. 7 Day, Louis A. (1997): Ethics in Media Communications: Cases and Controversies, Wadsworth Publishing Company, p. 22-23. Madril: Unión Editorial/Temas de Hoy. * FORTNER, R. S. (1981): 'The Journalist's Albatross: Objectivity, Critical Reporting and Social Responsibility". In: Journal of Communication Inquiry, vol. 6, n. 2. * FRANCKE, W. (1995): 'The Evolving Watchdog: The Media's Role in Government Ethics".
You have requested "on-the-fly" machine translation of selected content from our databases. This functionality is provided solely for your convenience and is in no way intended to replace human translation. Show full disclaimer
Neither ProQuest nor its licensors make any representations or warranties with respect to the translations. The translations are automatically generated "AS IS" and "AS AVAILABLE" and are not retained in our systems. PROQUEST AND ITS LICENSORS SPECIFICALLY DISCLAIM ANY AND ALL EXPRESS OR IMPLIED WARRANTIES, INCLUDING WITHOUT LIMITATION, ANY WARRANTIES FOR AVAILABILITY, ACCURACY, TIMELINESS, COMPLETENESS, NON-INFRINGMENT, MERCHANTABILITY OR FITNESS FOR A PARTICULAR PURPOSE. Your use of the translations is subject to all use restrictions contained in your Electronic Products License Agreement and by using the translation functionality you agree to forgo any and all claims against ProQuest or its licensors for your use of the translation functionality and any output derived there from. Hide full disclaimer